Gipuzkoako Pilota Eguna ari dira ospatzen gaur, Azpeitian. Goizean, hainbat gaztetxo aritu da pilotan, crohn gaixotasuna duten pertsonen alde. Azpeitiko Udalak bat egin du ACCU elkartearen kanpainarekin.

 

Gipuzkoako Pilota Eguna ari dira ospatzen gaur Azpeitian. Goizean, 10:00etan hasita, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek hainbat pilota modalitatetan aritu dira Izarraitz pilotalekuan, eta pilotari profesionalekin aritzeko aukera ere izan dute horiek. Horrez gain, crohn gaixotasuna duten pertsonen aldeko elkartasun ekintza egin dute bertan. Hain zuzen ere, zenbait herritar ospetsu –Eneko Etxeberria alkatea, Mikel Aranburu futbolari ohia eta Kepa Peñagarikano pilotari ohia– eta hainbat pilotari gazte aritu dira pilotan, Gipuzkoako ACCU crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoen elkartea babesteko helburuarekin. Gainera, Azpeitiko Udalak elkarte horrek martxan jarri berri duen kanpaina babestu du.

Eguerdian, 14:00etan hasita, bazkaria izango da Azoka Plazan. Horren ostean, Izarraitz pilotaleku berrituaren inaugurazioa egingo dute, eta Azpeitiko bi pilota elkarteetako kideak, emakume pilotariak eta erremontistak omenduko dituzte. 16:30ean hasita, Azoka Plazatik abiatuta, kalejiran joango dira Izarraitz frontoira Udal Musika Bandak lagunduta, eta pilota jaialdia hasi aurretik omenalditxoa jasoko dute, “egindako lana eskertzeko”. Profesionalen pilota partidak hasiko dira segindan, hau da, 17:00etan. Lehen norgehiagoka Retegi II.ak eta Martijak Victorren eta Imazen aurka jokatuko dute. Bigarren partidan, berriz, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua izango da jokoan. Hain zuzen ere, Elezkano eta Ezkurdia ariko dira nor baino nor. Pilota partida horietarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai Frontoi Txikiko bulegoan, 18:00etatik 20:00etara. Kantxako sarrerak 30 euro ordaindu beharko dira, eta gainerakoak, 15 euro. Gaur ere eskuratu ahalko dira sarrerak, Izarraitz pilotalekuko leihatilan.

Hona hemen Pilota Egunean hartutako irudiak: